URDAIBAI BADA NOR

Manifestua

Urdaibai nortasun juridiko eta eskubideen titular aitortzeko manifestua

  1. 01

    Euskal Herriko hezegune nagusia da Urdaibaiko padura eta hegazti migratzaileen negualdi eta atseden eremu garrantzitsua, NATURA 2000 europar sare ekologiko barruan sartuta ere, dagoena. Padura eta bere inguruak 1984. urtean UNESCOk izendatu zituen Biosferaren Erreserba. Munduan lehen Biosfera Erreserba izan zen bere babeserako berariazko legedia izaten eta lege hau eredua izan da geroago beste herrialde batzuentzako.

  2. 02

    Lege hau eta bere babes sistema handitzeko geroago ezarri diren arauak eduki arren, Urdaibaik baditu bere mehatxuak eta etorkizunean ere izango ditu. Inguruak daukan erakargarritasun izugarriak eta duen kokapen ezin hobeak jartzen dute bere babesarekin bat ez datozen helburudun proiektuen menpe jausteko bidean.

  3. 03

    Horregatik, manifestu hau sinatzen dugun pertsonek eta erakundeek beharrezkoa ikusten dugu bere babes-sistema gaurkotzea eta indartzea, azken urteotan planetaren hainbat herrialdetan garatu den berme-tresna berri bat sartuz. Tresna hau naturagune bati nortasun juridikoa eta eskubide batzuen titulartasuna aitortzean datza, hala nola: ekosistema gisa existitzeko eskubidea, osotasun ekologikorako eskubidea, arrisku-jardueretatik babesteko eskubidea, iraunarazte aktiborako eskubidea eta kalteen aurrean, lehengotara ekartzeko eta osorik konpontzeko eskubidea.

  4. 04

    Guzti horregatik, eta Urdaibaik gaur egun dauden babes eredurik handienak izan ditzan, euskal gizarteari dei egiten diogu sinadurak biltzen aktiboki parte har dezala Eusko Legebiltzarrean Herri Ekimen Legegile bat aurkez dezagun. Honek Kongresuari eskatu diezaion gai honetan munduan dagoen legediarik aurreratuenaren ildotik, Urdaibairi nortasun juridikoa eta eskubideen titulartasuna aitortzeko.